ostirala, 9 abendua, 2022
Bergarako Wolfram Encounter-ean bideojokoez gozatzeko elkartuko gara

Wolfram 2022 LoL Txapelketa, Minecraft-en eraikitako Bergara birtuala zein Gamer Gela eskainiko ditu Bergarako Udalak herriko Zabalotegi Aretoan.

Bideojokoz betetako larunbataz gozatzeko aukera egongo da bihar Bergaran. Bergarako Udalak ZTB jardunaldien baitan prestatutako Wolfram Encounter ekimena bueltan da, aurten txapelketak sormen ekitaldiak zein euskarazko bideojokoak eskaintzeko asmoz.

Maijoku Elkartearekin eta Game Erauntsia Elkartearekin bat eginda, bideojokozaleei zuzendutako eguna antolatu du udalak. Goizean hasiko gara jarduerekin: 10:30ean irekiko dira Zabalotegi aretoko ateak, eta 19:30ak arte egongo gara bideojokoen munduan murgilduta.

League of Legends-en final handia

Lehenengo protagonista Wolframeko ohiko League of Legends txapelketa izango da. Final handia jokatuko da 11:00etatik aurrera; Goroperman Ban eta ACU taldeak Summoner’s Rift klasikoan garaipena eskuratzeko lehian murgilduko dira. BO5 formatuan jokatuko da finala; hau da, bostetik onena izatea lortzen duen taldea izango da txapelduna.

Wolfram 2022 LoL Txapelketa Zabalotegi aretotik jarraitzeko aukera edukitzeaz gain, etxetik ikustekoa ere izango duzue. Game Erauntsiaren Twitch kanaletik zuzenean eskainiko dugu gure esatarien taldeak egindako jarraipenarekin batera.

Gamer Gela berezia

Arratsaldean bideojoko lehiakorrak alboratu, eta sormenari zein euskarari lekua egingo diegu. Alde batetik, gure Gamer Gela eskainiko dugu Zabalotegi aretoan. 16:00etatik aurrera euskarazko bideojokoak ezagutzeko eta probatzeko txokoa egongo da Bergaran: Pile Up!, Super Mario 64, Kopanito All-Stars Soccer nahiz gure hizkuntzara lokalizatuta dauden zenbait titulu aurkeztuko ditugu doan jokatzeko.

Bestalde, Bergara bloketan, Minecraft eraikuntza proiektuari itxiera emango diogu. Azken hilabetean Bergarako herritarrak beren udalerria digitalki sortzen ibili dira Mojang-en bideojoko arrakastatsuan. Egindako lana ezagutzera emango dugu aurkezpen handiarekin: Bergara digitala zer moduz utzi duten erakutsiko dugu 16:30ean. Eraikuntza lanetan laguntzen ibili bazara, anima zaitez eta etorri gurekin batera egindakoari buruz hitz egitera!

Arestian adierazi modura, 19:30ean bukatuko dugu Wolfram Encounterra. Aipatutakoak interesgarriak direla baderitzozu, ez izan zalantzarik: etorri Bergarara bihar eta anima zaitez gurekin elkartzera. Zuon zain egongo gara!

Hitzaldia asteartean

Aipatutako guztiez gain, asteartean, azaroaren 8an, Bergaran izango gara berriro. Kasu honetan bideojokoetan euskaraz aritzea posible dela ezagutzera emateko hitzaldia emango dugu: Utopia? Euskaraz bideojoketan aritzea ez behintzat! izenpean, gazteekin batera euskarazko aisialdiari buruzko gogoeta egingo dugu.

10:00etan hasiko dugu ekitaldia Bergarako seminarixoan. Game Erauntsia Elkartea eta honen kideok egiten dugun lana ezagutzeko aukera aparta izango da, baita euskarazko bideojokoak ikustekoa ere!

X