HIZLARIA: Ane Blazquez Garcia

Ordenagailu kuantikoek qubitak erabiltzen dituzte, gainezarmena eta korapilatze kuantikoa bezalako fenomenoak baliatzen dituztenak. Ordenagailu hauekin, gaur egun ebatzi ezin diren arazoak konpontzea espero da, hala nola material eta botika berriak diseinatzea edo prozesu industrialak optimizatzea. Oztopo nagusia da qubitak oso hauskorrak direla, eta zenbat eta gehiago bildu txip berean, orduan eta zailagoa dela haiek kontrolatzea. Horregatik sortu da konputazio kuantiko banatua: makina erraldoi bakarra eraiki beharrean, prozesadore kuantiko txiki batzuk konektatzea talde gisa lan egin dezaten, superordenagailu klasikoak elkarri konektatutako milaka prozesadorez osatuta dauden bezala.
Guk ideia hau funtsezko zeregin bati aplikatzen diogu: sistema kuantiko batetik informazioa ateratzea, osorik neurtu beharrik gabe, hori oso garestia baita. Konputazio kuantikoa eta ikasketa automatikoa konbinatuz, diseinu bat proposatu dugu non elkarri konektatutako modulu txiki batzuek lana banatzen duten. Gainera, egiaztatu dugu horrela propietate konplexuak, korapilatzea kasu, sistema handi bakar batekin baino askoz baliabide gutxiagorekin kalkula daitezkeela.
HIZLARIA: Ane Blazquez Garcia



