larunbata, 5 urria, 2024
Artolak “jakintza ‘plazara’ jaisteko beharra” aldarrikatu du Bergarako ZTBren irekiera ekitaldian

Jardunaldien bederatzigarren edizioa irekitzeko Adimen Artifizialaren inguruko hitzaldia eskaini dute Goienagusi-ko kideen eta Lanbide Heziketako ikasleen aurrean.

Gorka Artola Bergarako alkateak hasiera eman die asteazken honetan Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza (ZTB) jardunaldiei, Seminarixoan ospatutako ekitaldi publiko batean. Izan ere, azaroaren 17ra bitartean bergararrei zein kanpotik datoztenei diziplina ezberdinetan oinarritutako 20 jarduera baino gehiago eskainiko dizkie ZTBren bederatzigarren edizioak.

Artolak gogorarazi duenez, “historian zehar Bergarak harreman oso estua izan du Zientziarekin eta, oro har, Ezagutzarekin, eta hor daude, besteak beste, Elhuyar anaien Wolframioaren aurkikuntza, Telesforo Monzon, Olaso Dorrea, Seminarixoa, UNEDa, eta abar luze bat. Dena den, bergararron jakituria hortik haratago doa”.

Bere diskurtsoan, ezagutza eta jakintza guzti hori “demokratizatzeko” ahalegina egin behar dela nabarmendu du alkateak: “Jakintza plazara jaitsi behar da. Urte luzeetan, arlo ezberdinetan, jakintza asko bereganatu dugu Bergaran, eta ezin dugu ahaztu herri modura hazteko eta hezteko balioko digula, betiere guztion artean elkarlanean aritzeko kapazak baldin bagara. Izan ere, norbanakooi mesede egiteaz gain, gure komunitate osoa indartzen du”.

Egun hauetan zehar, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren arlo ezberdinak formazioaren eta dibulgazioaren bitartez hedatuko dira ZTBn, eta horretarako aurkezpenak, erakusketak, hitzaldiak, barnetegi teknologikoa, Wolfram Encounterra eta beste hainbat ekimen antolatu dira Bergarako gune ezberdinetan.

Jardunaldi hauek komunitate zientifikoaren, enpresa sektorearen eta hezkuntza erakundeen elkarlanaren fruitua dira, eta, besteak beste, arlo ezberdinetako profesionalak zein herriko ikastetxe ezberdinetako ikasleak izango dira protagonistak.

ZTBren harira, Artolaren ustez, “guztiok izan behar dugu hezkuntza eta informazio iturrietara heltzeko aukera, gaur egun ditugun oztopo ekonomiko eta sozialen gainetik. Gizarte modura ditugun erronkei erantzuten saiatu behar gara, eta horretarako hainbat bide berri ditugu, Adimen Artifiziala, esaterako”.

Izan ere, hitz hauek ‘Nola nabigatu eguneroko bizitzan Adimen Artifizialean, Errealitate Areagotuan, Errealitate Birtualean eta Metabertsoetan murgilduta’ hitzaldiaren aurretik esan ditu, Goienagusi-ko kideen eta Lanbide Heziketako ikasleen aurrean.

Hitzaldia Jorge R. López Benito eta Enara Artetxe CreativiTIC enpresako zuzendari gerenteak eta teknikoak eskaini dute, eta bertan azken hilabeteetan Adimen Artifizial Sortzaileak herritarren bizitzak eraldatu dituela nabarmendu dute. ChatGPT, Midjourney edo RunwayML bezalako tresnak egunero agertzen ari dira eta bizitzak erabat aldatzen ari dira. Hitzaldi honetan kontzeptu hauek guztiak aztertuko dira bai eta nola eragiten duten eguneroko bizitzetan ere, industriatik abiatuta, osasun-arlotik edo hezkuntzatik; bai eta nola zeuden ere elkarren esperoan internet berriari bultzada handia emateko, era masibo, azkar eta eraginkorrean.

 

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile esperientziarik onena izan dezazun. Nabigatzen jarraitzen baduzu, baimena ematen ari zara cookie horiek onartzeko eta gure cookie politika, sakatu esteka informazio gehiagorako.

ACEPTAR
Aviso de cookies
X