asteartea, 16 apirila, 2024
Bailarako ikertzaile gazteen ekarpenak Seminarixoan

Zientzia eta teknologiaren arlo desberdinetan bailarako ikertzaile gazteen ekarpenak ezagutzeko aukera paregabea izan da gaur Seminarixoan, ikertzaileek beraiek azalduta.

Ainara Leizeaga biologo gazteak Suediako lehorteek eta euriteek lurreko mikroorganismoetan duten eragina ikertu du munduko hainbat herrialdetako lurzoruen laginak erabiliz eta klima ezberdina duten inguruetan esperimentuak eginez. Horren berri eman du eta datuetan oinarrituta, esan du lurzoruan atmosferan baino hiru aldiz karbono gehiago biltzen dela. Eta ez hori bakarrik: lurzoruak gizakiok baino sei aldiz karbono dioxido gehiago isurtzen duela atmosferara.

Teresa Gallastegi Biokimikan, Biologia Molekularrean eta Biomedikuntzan doktorea da eta azaldu duenez, ikertzaile gisa diziplina anitzeko proiektuetan egin du lan, ospitaleekin kontaktuan dauden hainbat ikerketa-zentrotako laborategietan. Proiektu horien helburua pronostiko edo/eta diagnostikorako biomarkatzaileak edo/eta diana terapeutikoak bilatzea izan da, besteak beste, minbiziari edo gaixotasun kardiobaskularrei aurre egiteko.

Ander Elkororen txandan azaldu du Herri-lanetako Ingeniaritza Teknikoa ikasketak burutu dituela. 2014. urtean, Circa SA enpresan hasi zela lanean, ikertzaile eta garapen-teknikari gisa. “Aurrefabrikatutako hormigoizko elementuak egiten genituen bertan. Helburu nagusia produktuen propietateak hobetzea zen; baina, horrez gain, nanoteknologiak ahalbidetutako hobekuntzak ere aztertzen nituen. Horietako bat hauxe zen: titanio dioxidozko nanopartikulen gaitasuna materialen autogarbiketa eta airearen arazketa eragiteko”.

Jaione Iriondok materialen karakterizazio dinamikoa eta makina desberdinen portaera dinamikoa ditu ikergai. Horretarako, entsegu esperimentalak ez ezik, simulazio numerikoak ere egiten ditu, betiere ikuspegi dinamikotik. Ingeniaritzan doktorea da eta, 2015az geroztik, Mondragon Unibertsitatean dihardu lanean.

Maider Baskaran Mondragon Unibertsitatean ari da konpositeetan ikerlari eta Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza Graduan irakasle. Hitzaldian jorratutako gaia honakoa izan da: CO2 isurtzeen murrizketa, garraio-industriak aurre egin beharreko erantzukizuna. Material konposatuek abantaila batzuk dituzte arazo horri aurre egiteko, haiei esker ibilgailuen pisua % 70 murriztu daitekeelako eta inpaktu batean metalak baino 5 aldiz energia gehiago xurgatzen dutelako. Hala ere, konpositeek gaur egun duten kostu handia oztopo da merkatuan txertatzeko. Arazo horren jatorrietako bat lehengaien eta ekoizpen-prozesuen kostu handiak dira.

Azkenik, Itsaso Arrayago Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan (UPC) ikertzaile- eta irakasle-lanetan dabilen bergararraren hitzaldian altzairuzko egituren diseinuaren oinarriak azaldu ditu, baita Sydneyko Unibertsitatearekin lankidetzan Europako Batzordeak finantzatutako NewGeneSS proiektuan gauzatutako aurrerapenak ere. Proiektu horretan garatutako egiturak diseinatzeko metodo berrien inguruan hitz egin du, non ordenagailuzko simulazio-teknikak erabiltzen diren egituren erresistentzia zuzenean kalkulatzeko, segurtasun-irizpide zehatzak erabiliz.
Bihar eta etzi Ilustrazioa ikastaroaren VI.ekitaldia izango da Laboratorium museoan.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile esperientziarik onena izan dezazun. Nabigatzen jarraitzen baduzu, baimena ematen ari zara cookie horiek onartzeko eta gure cookie politika, sakatu esteka informazio gehiagorako.

ACEPTAR
Aviso de cookies
X