HIZLARIA: Ane Blazquez

HIZLARIA: Asier Mongelos

Konputazio kuantikoa, fisika kuantikoaren legeetan oinarritutako paradigma berria da, informazioa prozesatzeko modu guztiz desberdina eskaintzen duena. Teknologia honek fenomeno kuantikoak baliatzen ditu, ohiko ordenagailuek aurre egin ezin dituzten erronka konputazionalak, hala nola optimizazio edo simulazio konplexuak, modu eraginkorragoan ebazteko. Konputazio kuantikoaren egungo mugak, aplikazio nagusiak, adimen artifizialarekin dituen loturak eta irekitzen ari diren aukera berriak aztertuko ditugu.
HIZLARIA: Ane Blazquez
Ane Blazquez Garcia Informatika Ingeniaritzan doktorea da eta Ikerlaneko Adimen Artifizialeko taldean ikertzaile gisa lan egiten du. EHUn Matematiketan graduatu zen eta ondoren Modelizazio eta Ikerketa Matematikoan, Estatistikan eta Konputazioan masterra egin zuen.
HIZLARIA: Asier Mongelos
Aretxabaletan jaioa, Arizmendi ikastolan eman nituen nire ikasketetako lehenengo pausoak batxilergoa bertan egin arte. 18 urterekin EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean, Leioan, fisika gradua hasi nuen, eta bertan eman nituen hurrengo 4 urteak. Tartean, Kanadako Queen’s University unibertsitatean eman nituen 4 hilabete, non kuantikaren munduan interesa piztu eta partikulen fisikaren mundura gerturatzen hasi nintzen. Bertatik itzuli eta karrera amaitzeko partikulen fisika eta kosmologia uztartzen zituen lana garatu nuen gradu amaierako lanean (TFG/GrAL) 2022an. Mundu horretan murgildu ahala, fisika teorikoaren eta kuantikaren alderdi aplikatuen inguruko interesa piztu zitzaidan eta bertan sakontzeko Fisika eta Teknologia Kuantikoen masterra burutu nuen 2022tik 2023ra artean. Bertan, oinarrizko partikulak eta kosmologia ikasteaz gain, aplikazio teknologikoak ikertu nituen; ondorioz, master amaieran alzheimerraren aurkako medikamentuen eraginkortasuna ebaluatzeko “Machine Learning” kuantikoaren erabilera aztertu genuen. Lerro horretan interesa piztuta eta ikasketa 5 urte horiek Leioan eman eta gero, Donostian hasi nuen nire doktoretza tesia garatzen “Materialen Fisika Zentro”ko (CFM) Nanofotónica laborategian. Bertan, erresonantzia magnetiko merke eta azkarragoak eta diagnostiko metodo ez-inbaditzaileen azterketa dugu helburu, materiaren eta argiaren arteko oinarrizko elkarrekintzak aztertzearekin batera. Laborategitik kanpoko aplikazio horietarako, diamanteetan oinarritutako sentsore kuantikoak garatzea dut nire tesiko helburua.




