Asteazkena, abendua 1, 2021
Herritarrak  zientziara  gerturatzeko  askotariko  ekimenak  egingo  dira  ZTB  jardunaldietan

Zazpigarren aldiz egingo dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza, ZTB jardunaldiak. Gaur, urriak 18, aurkeztu da aurtengo egitaraua Laboratorium Museoan. Urriaren 19tik azaroaren 21a bitarte egingo dira jardunaldiok. Jardunaldien inguruko informazioa ztbergara.eus webgunean egongo da eskuragarri.

Bergarako alkateorde eta Sustapen Ekonomikoa, Berrikuntza, Ekintzailetasuna eta Turismo zinegotzi Ainhoa Letek jardunaldien helburuaz esan du: “Ekimen honekin ere, beste hainbatekin egiten dugun moduan, edota Laboratorium Museoaren ohiko jarduerarekin egiten dugun bezala, kultura zientifikoaren dibulgazioan ekarpena egin nahi dugu. Izan ere, urtez urte, zazpigarrena izango da aurtengoa, ekarpen interesgarriak egiten dituzte bertan parte hartzen duten aditu eta arituek. Eta Bergaratik kanpora ere heltzen da ekarpen hau”.

Bergarak historian zehar, eta bereziki XVIII. mendean, Errege Seminarioaren bitartez zientziarekin eta dibulgazioarekin izan duen lotura ere ekarri du gogora Letek.

Antolaketako elkarlanak balio erantsia ematen diote jardunaldiei zinegotziaren esanetan, eta egindako lana eskertu du. Hilabetez egingo diren jarduerak antolatzeko lan-talde bat aritzen da hilabete luzez lanean, udaleko eta Laboratoriumeko kideekin elkarlanean. Aurten 17 eragilek egin dituzte ekarpenak.

Laboratorium Museoko arduradun Rosa Errazkinek pertsona guztiei zientzia gerturatzea, edota pertsonak “zientziaratzeak” duen garrantzia nabarmendu du. Hori da, hain zuzen ere, jardunaldi hauetan lantzen dena. Pandemia garaian hutsune hori nabarmen gelditu dela agerian ere esan du.

“Zientzia, teknologia eta berrikuntza ardatz hartuta, formazioa eta dibulgazioa askotariko esparruetatik landuko ditugu: hitzaldiak, erakusketak, azoka, ikasleentzako jarduerak, tailerrak, Wolfram Encounterra…” , esan du Errazkinek egitarauaren inguruan.

Askotariko hartzaileak izaten dituzte jardunaldi hauek, eta “hori ere bada aberasten dituen ezaugarrietako bat”, Labarotirum Museoko arduradunaren hitzetan.

Iazko osasun egoerak bultzatuta hainbat saio streaming bidez eman ziren. “Horrek aukera eman zigun bestela helduko ez ginen pertsona batzuengana heltzeko. Balorazio ona egin genuen iaz, eta aurten ere Seminarixoko saioak zuzenean ikusteko aukera egongo da”, Errazkinen esanetan. Edukiera mugak zabaldu badira ere, jendeari gomendatzen zaio aurrez izena ematea, Laboratoriumen, telefonoz edo emailez (943 76 90 03 edo laboratorium@bergara.eus).

Garapen Zerbitzuko teknikari Marije Unamunok egitarauko ekitaldi batzuk nabarmendu ditu, askotarikoak izango direla adierazteko. Esaterako, bihar bertan, goizeko 10:00etan eta 18:00etan Seminarixoan “Ekologismo erreala. Zientziaren ikuspegitik, zer egin dezakezu planeta babesteko” hitzaldia egingo du Jose Miguel Muletek, Valentziako unibertsitatean Bioteknologia katedradunak.
Enpresekin barnetegi-teknologikoa egingo da azaroaren 12an Miguel Altuna Institutuan. Mondragon Unibertsitateko Beatriz Laskurainek gidatuta, “Adimen Artifiziala zer den eta zein aplikazio duen negozio-estrategian” goiburupean.

“Bestetik, emakumeak zientzian duen papera ikusgarria egiteko apustuarekin ere bat egiten dugu”, esan du Unamunok. Hala, azaroaren 2an Elhuyarren “·Zientziaren izarrak. Emakumeak itzaletik argira” liburua aurkeztuko da Seminarixoan.

Euskararen gaia ere txertatu da aurtengo jardunaldietan. “Euskara Adimen Artifizialaren garaian” izenburupean mahai-ingurua egingo dute Eusko Jaurlaritzako Miren Dobaranek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Joxean Amunarrizek eta Elhuyarreko Josu Aztiriak. Euskarari lotuta, herritarrei auzolanerako deialdi bat ere egingo diegu. Azaroaren 13an, Librezale.eus-ek gidatuta, “Euskarazko ahotsen grabaketa maratoia”, teknologiarekin euskaraz aritzeko auzolan digitala izango da. Bi erakusketa ere egingo dira. Gazteekin egingo diren ekimenak ere bereziki nabarmendu ditu.

Miguel Altuna LHIIko LHLko teknikaria Oihana Garmendiak hezkuntzarako egindako proposamenaz hitz egin du. “Hezkuntzarako proposamen osatua egin dugu elkarlanean. Honela, ikasleek hitzaldiak jasoko dituzte adituengandik, adibidez, baina are garrantzitsuagoa eta emankorragoa iruditzen zaigu haiengana hurbiltzeko bestelako ekitaldiak egitea. Hala nola, Zientziako esperimentuak egingo ditugu, escape room teknologikoa egingo dute LH5 eta LH6ko ikasleek azaroaren 8an”.

Wolfram Encounterra berreskuratuko da iazko etenaren ondoren. Bideo-jokoen lehiaketa.

Bestetik, azaroaren 19an, Itsaso Arrayagorekin “Bailarako ikertzaile gazteak etorkizuneko mundua moldatzen” hitzaldi-sorta egingo da.

Izena eman!!

Aforoa dela eta, ekitaldi guztietan parte hartzeko izena ematea gomendatzen da: 943 76 90 03 telefonora deituta edo laboratorium@bergara.eus e-postara idatzita.
Dena dela, gogoratu Seminarixoko ekitaldi guztiak on line jarraitu ahal izango direla

Nola parte hartu maratoian

Ekimenaren helburua da ahalik eta euskarazko ahots gehien grabatzea makinei erakusteko nola hitz egiten duten pertsonek eta euskarazko ahots bidezko aginduak uler ditzaten.

Partehartze-denbora: 15 minutu inguru.

  • DATA: 2021eko azaroaren 13an
  • ORDUA: 10:00-14:00
  • TOKIA: Aroztegi aretoa.

Bete mesedez hurrengo formularioa >>

abendua, 2021

No Events

urtarrila

No Events

Zure iritzia hemen:

Social

X