ostirala, 9 abendua, 2022
Hezkuntzaren digitalizazio demokratikoa?

NOIZ: Urriak 11

ORDUA: 18:30ean

NON: Seminarixoa

HIZKUNTZA: Euskaraz (Eder) eta Gazteleraz (Cecilia)

PUBLIKOA: Gurasoak, Hezkuntza arloko langileak eta Hezkuntzarako teknologia libreak ezagutu nahi dituen oro.

Hizlariak : Eder Etxebarria eta Cecilia Bayo.

Eder Etxebarria Rojo, sortzez bilbotarra, Urruñan bizi da eta Baionako Etxepare lizeoko irakaslea da. Ekonomista da formazioz eta, 10 urtez banku-sektorean lanean aritu ondoren, duela 4 urte irakaskuntzara egin zuen jauzia. Pandemiak Linux ezagutzeko parada eman zion eta ordutik software librearen maitale sutsua bilakatu da. Aurtengo otsailean “Txikilinux XiLaBa” proiektua garatu du Donibane Lohizuneko ikastolan.

 

Cecilia Bayo Xnet kolektiboarekin lan egiten duen guraso‑sareko kide da. Kolektibo honek datuen pribatutasuna eta hezkuntzaren digitalizazio demokratikoa lantzen ditu eta proiektu pilotu bat garatu dute gizarte zibil antolatuaren ekimenetik abiatuta.

Hezkuntzaren digitalizazio demokratikoa? Kataluniako DD esperientzia eta Donibaneko Txikilinux esperientzia

Hezkuntzan erabiltzen ditugun tresna digitalak ez dira neutroak. Gaur egun korporazio handien tresnak erabiltzen dira batez ere, izan kostu ekonomikorik suposatzen ez dutelako, izan beste arrazoi batzuengatik. Baina posible al da kalitatezko hezkuntza tresna digital libreak erabilita? Horretan ari diren bi esperientzia ezagutuko ditugu. Alde batetik, Bartzelonan garatu eta martxan jarri den Digital Democratic (DD) izeneko esperientzia;  guraso‑talde batek bere seme‑alaben datuak eskolaratzen direnetik Google-ren esku egotearen kezkatik sortutako proiektua da eta Bartzelonako Udalaren laguntzaz Xnet sarearekin batera garatu dute. Eta beste alde batetik, Donibaneko ikastolaren esperientzia ezagutuko dugu, non Txikilinux XiLaBa proiektua martxan jarri duten, haurrak tresna libreetan trebatzeko; ekimen honetan, beste zentro batzuetan baja emandako ordenagailuak berreskuratzen dituzte eta, Heziberri 2020 planaren konpetentziak garatzen lagunduko duten aplikazioez hornitu ondoren, ikasleen eskura jartzen dituzte.

HELBURUAK: Hausnarketarako bideak irekitzea eta eztabaida piztea hezkuntza‑komunitatean erabiltzen diren tresna digitalen inguruan. Erabiltzen duguna ezagutu, tresna libreak erabiltzearen garrantzia azpimarratu eta horrelako esperientzia bat Bergaran martxan jarri daitekeen ikusi.

X