
Hizlaria: Jesus Ugalde (EHUko Katedraduna eta Jakiundeko Lehendakaria)
Ideien Kimika. Unibertso kimikoaren azken muga
Zientzia esperimentalen artean, esperimentalena kimika da. Izan kontuan badela industria kimikoa, baino ez industria fisikorik, esate baterako. Materia ekoitzi eta nahieran eraldatzea ardatz ditu kimikak. Materia, giza eskalan: elektroiak (baterietan), argia (su artifizialetan), atomoak (erradioaktiboak), molekulak (botika gehienak), nanoegiturak, kristalak, beirak, koloideak, margoak, elikagaiak, edariak eta abar. Nola lortzen ditu, bada, mirari diruditen guzti hauek? Ez dudarik izan kimikak prozesu askotarikoak erabiltzen dituela, zein baino zein bitxiagoa, baina guzti-guztien muina lotura kimikoaren “ideia”n datza. Hona hemen kimikaren azken muga: materia ekoitzi eta eraldatzen dituzten “ideien prozesaketa”. Muga lauso honen arakaketarako, (i) konputagailuak, klasikoak zein kuantikoak, eta (ii) algoritmoak, klasikoak zein adimen artifizialetik eratorriak, bidelagun ditu kimika modernoak, baina bidea luzea da. Erronka hau latza bezain zirraragarria da, eta era berean, guztiz erakargarria. Hitzaldi honetan argituko da zergatik.
HIZLARIA
Fakultateko katedraduna eta Jakiunde erakundeko presidente ohia. Beste sarien artean, Euskadi Saria lortu zuen, Ikerketa arloan, 2003an.




