ERAKUSKETA: “Visiones cuánticas” (Ikuspegi kuantikoak)
Laboratorium museoa
Irekiera/hitzaldia/mahai-ingurua:
Azken mendean, badirudi mugitzen ari garen panoramak elkartu, korapilatu, banatu eta keinuka ari direla. Aldi honetan zehar egiaztatu da unibertsoa, bere eskala guztietan, kuantikoa dela. Errealitatea printzipio probabilistikoen bidez deskribatzen da, eta horrek irauli egin du munduaz dugun ikuskera. Erlatibitatearen teoriak eta mekanika kuantikoak XX. mendean ekarritako aldaketa sakonak zientziaren mugak gainditu zituen eta beste diziplina batzuetan eragin, aurreko ziurtasunak kolokan jarriz. Alde batetik, erlatibitateak frogatu zuen aldiberekotasuna mugimenduaren menpe dagoela; eta bestetik, mekanika kuantikoak agerian utzi zuen mundua zoriak gidatzen duela.
“Visiones cuánticas” (Ikuspegi kuantikoak) izenaren arrazoia da kuantika garatzeko dauden askotariko ikuspegiak, eta islatzen du unibertsoaren posibilitateek eta kontraesanek ikuspegi ezberdinak inspiratzen dituztela. Erakusketan bildutako hamaika artistaren lanen abiapuntua hauxe da: errealitatea, neurri handi batean, arbitrarioa da. Unibertso kuantiko batean, ziurra dirudiena desagertu egiten da, eta posibilitatea eta kontraesana giltzarri bihurtzen dira errealitatea ulertzeko.
Erakusketa honek hainbat ikuspegiren kaleidoskopio bat izan nahi du. Ikuspegi horiek mundu fisikoa birplanteatu eta eztabaida kuantikoa giza zientzietara ere hedatzen dute. Artistek, beren lanen bidez, zalantzan jartzen dituzte ezagutzaren mugak, eta errealitatea ulertzeko modu berriak proposatzen dituzte. Konbergentzia-gune honetan, arteak eta zientziak elkarrizketan dihardute zalantzazkoari eta zehaztugabekoari buruz. Hala, bi diziplinek konparazioa eta analogia baliatzen dituzte mundu kuantikoaren aukera amaigabeak aztertu eta horiei buruz espekulatzeko.
“Visiones cuánticas” (Ikuspegi kuantikoak) Basileako HEK (Haus der Elektronischen Künste) eta Eindhoveneko MU Hybrid Art Houserekin batera ekoitzitako erakusketa da eta Tabakaleratik igaro ondoren hiri horietara bidaiatuko du, komisarioak Sabine Himmelsbach eta Angelique Spaninks izanik, hurrenez hurren. Ikerketa Nuklearrerako Europako Kontseilua (CERN), Donostia International Physics Center (DIPC) eta Tekniker ditu kolaboratzaile; erakunde hauekin lehendik ere aritua da lankidetzan Tabakalera, Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea ardatz programatikoko proiektuak garatzeko. Ikerbasqueren eskutik Donostian instalatuko den Quantum IBMren konputadore kuantikoa iristearekin batera, erakusketa hau eta berari lotutako programa dira Tabakalerak Zientziaren eta Teknologia Kuantikoen Nazioarteko Urteari egiten dion ekarpena.




