Kuantikaren olatua surfeatzen
Mundu kuantikoa, begien aurrean ikusezina den eskala subatomiko eta nanoeskalako mundu liluragarria, gure intuizioa desafiatzen duten legeek gobernatzen dute. Hizkera ulergarrian, publiko orokorrarentzat egokituta, hitzaldi honek fisika kuantikoaren oinarrizko propietate nagusiak aurkeztuko ditu eta erakutsiko digu gaur egun inguruan ditugun gailu eta aplikazio arrunt askok propietate horietaz baliatzen direla. Era berean, ‘bigarren iraultza kuantikoa’ deiturikoak gure etorkizuneko bizitzetan izan dezakeen eragina ere azalduko digu.
HIZLARIA:
Aran Garcia-Lekue Ikerbasque ikertzailea da Donostia International Physics Center-en (DIPC). Fisika Zientzietan lizentziaduna eta Materialen Zientzian eta Ingeniaritzan doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Donostiaz gain, lanean aritu izan da Erresuma Batuan, Estatu Batuetan, Alemanian edota Danimarkan. Bere ikerketak nanoeskalako propietate kuantiko elektronikoak aztertzeko tresna konputazionalak garatu eta aplikatzea du ardatz. Dibulgazio zientifikoarekin eta emakumeek zientzian duten papera ikusaraztearekin duen konpromisoa agerikoa da, askotariko publikoaren jardueretan parte hartzen baitu maiz.





