larunbata, 27 apirila, 2024
Zientzia Teknologia eta Berrikuntza jardunaldiak inoiz baino arrakastatsuago

Aurtengo Zientzia Teknologia eta Berrikuntzaren jardunaldiek iazkoaren bidea jarraitu dute, eta are eta emaitza hobeagoekin gainera. Are eta bidelagun gehiago batu dira ekimenera, eta Debagoienetik kanpo ere hizlari, parte-hartzaile eta entzule asko erakarri ditu. Hala, Euskal Herri mailako eta Espainiako Estatuan zientzian eta berrikuntzan erreferente diren hainbat erakunde eta eragile alboan izan dira. Eta elkarlan horrek guztiak oso emaitza esanguratsuak eman ditu. Herritarrek eta kanpotarrek ederto erantzun dute.

Gainera, aurtengo jardunaldien baitan Bergarak zientziaz jantzitako herria dela erakusten duen izendapen garrantzitsuenetakoa jaso du: Bergara Historic Site, wolframioaren aurkikuntza eta isolamendua gauzatu izanagatik. Lorpen horretan bidelagun izan du Bergarak Donostia International Physics Center erreferentziazko gunea. Eta Bergarak erakusten du zientzia mimatzen eta merezitako balorea ematen jarraitzen duela.

Edizio hau urriaren 15ean hasi eta azaroaren 12an bukatu da; eta inoiz baino ekintza gehiago antolatu dira. 12 hitzaldi, lehiaketak, antzezlanak, azoka, erakusketa eta dagoeneko ohikoak bilakatu diren Wolfram Deuna bakarrizketa saioa eta Wolfram Encounter topaketa, besteak beste. Horrez gain, hezkuntzara bideratutako eskaintza zabala ere izan da: Nanoteknologia tailerra, Tramankulu mekanikoen erakusketa eta Pieza gonbidatua, besteak beste.

Hezkuntza eskaintzan apustu nabarmena egin da aurten ekitaldiak biderkatuz eta datak aldatuta ikasleen parte-hartzea erraztuz. Eta horren emaitza arrakastatsua izan da. Bestelako ekintzei dagokionez, iaz baino parte-hartze handiagoa izan da.

Berrikuntzei dagokionez, hezkuntzaren inguruko apustuaz gain, aurten ‘Emakume zientzialaririk ezagutzen?´lehiaketa antolatu da lehenengo aldiz, emakumearen papera ere ezagutzera emateko; eta LH6ko 31 ikaslek parte hartu dute, 16 lan aurkeztuz.

Ezin ahaztu, aurten ere kanpotik etortzen diren diziplina anitzetako hizlariez gain, hainbat herritarrek  jardunaldietarako propio hartzen duten lana, beraien jakinduria eta ezagutza zabalduz. Horiei ere eskerrik beroenak.

Bestalde, Wolfram Encounterra dagoeneko egonkortuta dagoela esan dezakegu. Aurtengo edizioan bezala, 100 lagunen bueltan egon da parte-hartzea. Aurten ekintza gehiago pasa dituzte larunbatetik igandera, eta 2019an ere asmo hori dute.

Datorren edizioari begira, aipatzea 2019 Taula periodikoaren urtea izango denez, abiapuntu hori izango dutela jardunaldiek.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile esperientziarik onena izan dezazun. Nabigatzen jarraitzen baduzu, baimena ematen ari zara cookie horiek onartzeko eta gure cookie politika, sakatu esteka informazio gehiagorako.

ACEPTAR
Aviso de cookies
X