20 ekitaldi baino gehiago eskainiko ditu Bergarak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza uztartuko dituzten ZTB jardunaldietan
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza (ZTB) jardunaldien bederatzigarren edizioa ospatuko du Bergarak azaroak 4tik 17ra biartean. Berau aurkeztu asmoz, prentsaurrekoa eskaini dute astearte honetan Bergarako Udaleko zein elkarlanean aritu diren eragile ezberdinetako ordezkariek. Bergararrei zein kanpotik datoztenei diziplina ezberdinetan oinarritutako 20 jarduera baino gehiago eskainiko dizkie ZTBk hurrengo egunetan.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren arlo ezberdinak formazioaren eta dibulgazioaren bitartez hedatuko dira ZTBn, eta horretarako aurkezpenak, erakusketak, hitzaldiak, barnetegi teknologikoa, Wolfram Encounterra eta beste hainbat ekimen antolatu dira Bergarako gune ezberdinetan. Zentzu horretan, Bergarak historian zehar zientziarekin eta haren dibulgazioarekin izan duen harreman estua gogorarazi dute aurkezpeneko partehartzaileek.
Gorka Artola Bergarako alkateak nabarmendu duenez, “Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren bitartez bergararron bizi kalitatea hobetu, garapen ekonomikoa suspertu, hezkuntza indartu eta sormena bultzatzen ditugu. Balioan jarri nahiko nuke guzti honek gure herriaren etorkizunean izango duen garrantzia, izan ere, erronka ugari ditugu herri modura, eta guzti horiei Ezagutzatik egin beharko diegu aurre”.
Jardunaldi hauek komunitate zientifikoaren, enpresa sektorearen eta hezkuntza erakundeen elkarlanaren fruitua dira, eta, besteak beste, arlo ezberdinetako profesionalak zein herriko ikastetxe ezberdinetako ikasleak izango dira protagonistak. “Jardunaldi hauen helburua sormena, lankidetza eta ezagutza trukea sustatzea da. Gure gazteak arlo zientifiko eta teknologikoetan aurrera egitera bultzatu nahi ditugu, bai eta tokiko enpresen eta eragile akademikoen arteko lankidetza indartu ere”, gaineratu du Artolak.
Horren harira. Zientziaren dibulgazioan jarri dute arreta bertaratutakoek, izan ere, ZTBren programaren puntu nagusietako bat Hezkuntza Hezkaintzan oinarritzen da. Oihana Garmendia, Miguel Altuna LHII-ko ordezkariak adierazi duenez, “ikasleentzako eskaintza antolatzen saiatu gara, tailer eta aurkezpen erakargarrietaz baliatuta. Hor daude, besteak beste, Wolfram Encounterra edota Scape Room tailerrak”.
Zientziaren alor ezberdinak modu erakargarrian erakutsi nahi dituzte antolatzaileek, eta horretarako eskaintza berria gehitu dute programaziora. Besteak beste, Ihes Joko Teknologikoa, Sorkuntza Digitala, Counter Strike Txapelketaren finala, Minecraft eraikuntza proiektua, Inteligentzia Artifizialaren eta ChatGPTaren erabilera, Komertzio Digitala edota Bergarako Gazte Ikerlarien hitzaldia barnebilduko ditu aurtengo programazioak.