Azaroaren 11n Bergaran Adimen Artifizial Generatiboari buruzko saio praktikoa egin zen Irizar jauregiko Euskaldun Berria aretoan, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako profesionalentzat.
Jardunaldiaren helburua izan zen teknologia berritzaile honek eskaintzen dituen aukerak ezagutzea, bereziki negozio txikien komunikazioa hobetzeko, lanak arintzeko eta ikusgarritasuna handitzeko.
Adimen Artifizial Generatiboa (AAG) eduki berriak sortzeko gaitasuna duen tresna da, testuak, irudiak, bideoak eta ideiak automatikoki sortzeko aukera ematen duena, eta gero eta eskuragarriagoa denez, lehiakortasuna indartzeko aliatu estrategiko bihurtzen ari da.
Saioa Begoña Lashayas Mondragon Unibertsitateko irakasleak gidatu zuen; marketing digitala, teknologia berriak eta adimen artifizialean aditua da, eta komunikazio, turismo eta hezkuntza sektoreetan esperientzia zabala du.
Bi orduko saioan, parte-hartzaileek AAG-ren funtzionamendua ulertu, prompting teknikak landu eta tresna nagusiak (ChatGPT, Gemini, Copilot…) ezagutu zituzten, negozio txikietan aplikazio praktikoak aztertuz.
Jardunaldiak argi utzi zuen adimen artifiziala ez dela etorkizuneko kontua, baizik eta gaur egungo tresna eraginkorra, eguneroko jardunean komunikazioa indartzeko eta prozesuak optimizatzeko.




