Azaroaren 12an Bergaran, Irizar jauregiko Euskaldun Berria aretoan, “Ideien Kimika. Unibertso kimikoaren azken muga” izeneko hitzaldia eskaini du Jesus Maria Ugalde Uribe-Etxebarriak, kimikaren arloan erreferente den katedradunak eta Jakiunde erakundeko presidente ohiak.
Saioa goizeko 10:00etan hasi eta publiko orokorrari zuzenduta egon da, helebitan. Hitzaldian kimikaren izaera esperimentala nabarmendu da, azpimarratuz industria kimikoa existitzen dela, baina ez industria fisikorik, eta kimikaren helburua dela materia ekoitzi eta eraldatzea giza eskalan.
Ugaldek azaldu du nola kimikak elektroiak, argia, atomoak, molekulak, nanoegiturak, kristalak, koloideak, margoak, elikagaiak eta edariak sortzeko prozesu ugari erabiltzen dituen, guztiak lotura kimikoaren “ideia”n oinarrituta. Hitzaldiaren muina kimikaren azken muga izan da: materia ekoitzi eta eraldatzen duten ideien prozesaketa.
Horretarako, kimika modernoak konputagailuak (klasikoak zein kuantikoak) eta algoritmoak (klasikoak zein adimen artifizialetik eratorriak) erabiltzen ditu, erronka zirraragarria eta erakargarria den bide luze batean. Ugaldek azalpen sakonak eman zituen zergatik den erronka hau hain garrantzitsua eta nola teknologiak kimikaren etorkizuna eraldatzen ari diren.




