Astelehean hasiko dira Zientzia Teknologia eta Berrikuntza jardunaldiak
ZTBren edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldien helburu nagusia da zientzia, teknologia eta berrikuntza esparru guztietara gizarteratu eta sustatzea da.
Urte askotako eskarmentua dago jardunaldi horiek antolatzen, eta urtez urte ekintza bereziago eta aurrerakoiagoak gehitzen goaz. Era berean, gero eta eragile gehiago batzen ditu Bergaran bertan ospatu eta oihartzuna hemendik kanpo ere izaten duen jardunaldiak. Aurten, esaterako, 25 eragile aritu dira Udalarekin batera lanean.
Bestalde, aurtengo jardunaldien beste berezitasun handienetako bat da Elementu Kimikoen Taula Periodikoaren urtea izanik eta Bergaran elementu horietako bat, wolframa, isolatu zenez, horri ere leku nabarmena egin diogula gure programan, erakusketa eta hitzaldiekin.
Programa lantzen buru-belarri ibili diren Marije Unamuno eta Rosa Errazkin udal teknikariek hobeto azalduko dizkizuete programaren nondik-norakoak. Baina horren aurretik eskertu nahi nituzke parte hartu duten eragile guztiak, eta jardunaldietan halako interesa jartzen duten herritar guztiak, jardunaldi hauek adituentzako bai, baina edozein herritarrentzako moduan planteatzen direlako, zientzia, teknologia eta berrikuntza guztioi hurbiltzeko asmoz.
Jardunaldien programa nagusia urriaren 28tik azaroaren 10era bitartean gauzatuko bada ere, ezin aipatu gabe utzi Taula Periodikoaren urtearekin lotuta urriaren 1ean Passion for Wolframium ekitaldia antolatu genuela, eta bertan izan genituen Dudley Hersbach nobel saria eta Maria Vallet aditua gurekin. Luxuzko adituak eta oso gertukoak gainera, hala aritu baitziren ikasleekin eta gerturatutako guztiekin.
Hauxe programa: ztb_esku_orria2019af.pdf
Taula Periodikoaren urtea
Taula Periodikoak leku nabarmena du gure egitarauan: horregatik, Elementu Kimikoen Taula Periodikoari buruzko erakusketa eta unitate didaktikoa prestatu ditugu Laboratoriumen. Inaugurazioa azaroak 8an izango da.
Eta wolframak leku gehiago izango du programan: esaterako, Pascual Roman Polok azalduko du Elementuen Taula Periodikoaren mitologia, Kultura eta Artea, besteak beste.
Cesar Fernandez Quintanilla Gallastegik hobekuntza genetikoan lan handia egindako Cruz Gallastegiren ibilbidea azalduko du; Emakume zientzialariak bistaratzeko lehiaketa antolatu dugu; Itsasoko plastikoei buruzko berbaldia ere izango da; Ricardo Hueso planeten bilatzeari buruz arituko da; eta Bergaran Artea eta Zientzia uztartuz izeneko tailerraren laugarren edizioa egingo dugu besteak beste.
Ezin ahaztu ezta ere, aurten ere hain arrakastatsua izan ohi den Wolfram Deuna, umorezko bakarrizketa ospatuko dela, Elhuyarren eskutik.
Urtero bezala, programak adar asko izango ditu eta herritar soil, zientzia-zale zein bestelakoez gain, enpresa eta merkataritzako sektorera eta gazteagoetara ere zuzenduta dago.
Emakumearen presentzia indartuta
Irailetik hasita ikastetxeekin tailerrak eta topaketak lantzen gabiltza, baina programaren gehiengoa orain hasiko da. Aipamen berezi bat merezi du, emakume zientzialarien lehiaketaz gain, Silvia Ayerrak gidatuko duen ‘Kontatu gabeko emakumeak Artearen historian’ saioa. Aurtengo berezitasunetako bat da wolframarekin lan egiten duten Bergarako hiru enpresak (TTT, Metagra eta Gurea) solasaldia egingo dutlae; eta, gainera, aurtengo pieza gonbidatua hiru enpresa horiek ekoiztutakoa da. Merkataritza eta sektoreko profesionalei zuzenduta, Maria Victoria Valdiviesok Progamazio Neurolinguistikoa landuko du; eta aurten ere Barnetegi Teknologikoa egingo da datuen kudeaketari buruzkoa. Baita ere, Ekonomia Zirkularren gaineko hitzaldi bat ere.
Eta adinez edo zaletasunez behera eginez gero, bereziak izango dira aurten Zabalotegi aretoan eta egun bakarrean ospatuko den Wolfram Encounter bideo jokoen lehiaketa; eta txikienek izugarri gozatuko duten ‘Dinosauroetatik hegaztietara’ erakusketa, besteak beste.
Esan bezala, adin, zaletasun eta maila guztietarako ekintzak daude. Espero dugu aurten ere jende askok gozatzea. Ekimen berritzaileen laborategi-probaleku edo topagune izan nahi duen egitasmoa da, eragile parte hartzaile hurbilen lankidetzarekin.
Ekintza zehatzetan izena eman nahi dutenek Laboratorium museoaren bitartez egin behar dira (943 769003).