ZTB Jardunaldien 11. edizioaren berritasun nagusietako bat izango da aurten (HI)! Ikerlari — Gazte Ikerlarien I. Forum Zientifikoa. Azaroaren 11tik 13ra, Bergarako UNED eraikinean, bailarako ikerlari gazteen lana ezagutzeko aukera izango da.
Aurtengo ZTB Jardunaldien ardatza ikerketa izango da, eta forum honek ikerketaren bidea herritarrengana hurbiltzea izango du helburu: galderak, hipotesiak, saiakerak, akatsak, urteetako lana eta, batzuetan, dena aldatzen duen aurkikuntza.
Hiru egunetan zehar, gazte ikerlarien poster zientifikoen erakusketa, ahozko aurkezpenak eta hainbat hitzaldi izango dira. Besteak beste, adimen artifiziala, biologia konputazionala, immunologia, minbizia, teknologia kuantikoak, materialak, robotika, kimika edo basoak izango dira landuko diren gaietako batzuk.
Poster-erakusketa doakoa eta librea izango da. Ahozko aurkezpenetara eta hitzaldietara joateko, berriz, plaza kopurua mugatua denez, aurrez izena eman beharko da.



