ZTB jardunaldien barruan kokatuta, azaroaren 3an zabaldu da ‘Hondakin jasangarriak: fikzioa edo errealitatea?’ erakusketa, eta 2023. urteko urtarrilaren 31era arte aldi baterako erakusketen gunean egongo da. Bergarako alkate Gorka Artolak eta Laboratoriumeko arduradun Rosa Errazkinek inaugurazioan egindako hitzartzeetan erakusketa egiteko ekarpena egin duten eragileen elkarlana nabarmendu eta hori eskertu zuten. Jasangarritasuna da aurtengo ZTB jardunaldietan lantzen ari den gai nagusiena.
Erakusketan parte hartu duten Susana Perezek, Industrias Mujikako Pedro Mujikak eta Jolaseko Iñigo Isastik eta kafeaECOko Adriana Uribesalgok ildo honetan egiten ari diren lanaren berri eman zuten, erakusketaren ibilbidea egitearekin batera.
Seinale askok uzten dute agerian gure bizimodua dagoeneko ez dela jasangarria: klima-aldaketa, kutsadura-tasak, baliabideen gehiegizko ustiapena, ur-eskasia… Hortaz, guztiok lehenbailehen hartu behar dugu geure gain eredu berri baterako trantsizioa: birziklatzean, berrerabiltzean, konpontzean eta berreskuratzean oinarritutako eredu baterako trantsizioa erronka eta betebeharra da guretzat.
Birziklatutako eta berrerabilitako etxeko hondakinetan zehar egindako sarrera-bidaia gisa planteatu da erakusketa hau, erakutsi nahi baitu posible dela ingurune naturala errespetatzen duen ekoizpen- eta kontsumo-eredu alternatibo batera aldatzea.
Berreskuratzeaz, berritzeaz eta konpontzeaz hitz egiten du erakusketak, ideia bakoitza areto batean landuta.
Laboratorium Museoaren ordutegia:
- Asteazken eta ostegunetan 10:00etatik 14:00etara.
- Ostiral eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
- Igandetan 10:00etatik 13:00etara.
- Astelehen eta asteartetan itxita dago.