Hizlariak: Lander Unzueta eta Maitane Junguitu, Game Erauntsia Elkarteko kideak
Gazteei zuzendutako hitzaldi honetan, bideojokoetan euskaraz aritzea posible dela erakutsiko dugu. Hasteko, euskarazko aisialdi‑kontsumoaren inguruko gogoeta planteatuko da, zehazki bideojokoen hizkuntz erabilerari buruz.
Jarraian, euskarazko bideojokoen erronkak aztertuko dira. Hain zuzen ere, euskarazko bideojokoen eskaintzari buruzko gogoeta egingo da, industriaren eta kontsumitzaileen egoera soziolinguistikoan sakonduz. Bizi dugun elebitasunak sortutako egoera bat izanik, euskaraz bideojokoak izatea ez ezik, erdaraz dauden bideojokoen erabilpena euskaraz egin daitekeela azalduko da.
Bukatzeko, Game Erauntsia euskal bideojokozaleen elkartea ezagutu ahal izango da. Elkartearen helburuak aurkezteaz gain, honek euskal bideojokozale komunitatearentzat eskaintzen dituen espazio eta baliabideak aipatuko dira, besteak beste, euskaraz bideojokoei buruz informatzeko aukera, gameplay biltegia, beste bideojokalariekin harremanetan jartzeko Discord kanala, Telegram taldea eta bideojokoak euskaratzen dituzten zaleen sarea.
Hitzaldia amaitutakoan eskuorri batzuk entregatuko dira, parte hartzaileek nahi izanez gero jasotzeko. Hauetan euskarazko bideojokoen zerrenda eskainiko da eta elkartearen informazioa.