osteguna, 28 martxoa, 2024
Wolfram 2022 LoL Txapelketa

Wolfram 2022 LoL Txapelketa

Bergarako Udalak ZTB jardunaldien baitan Maijoku Elkartea eta Game Erauntsia Elkartearekin batera League of Legends txapelketa aurkezten du. Taldeka eta Liga formatuan jokatuko da.

Izen ematea

Izen ematea taldeka edo bakarka egin daiteke. Lehenik eta behin, Game Erauntsia elkartearen webgunean erregistratu behar da; ondoren, txapelketan izena eman.

  • Taldeak bost kidekoak izango dira, eta seigarren kide batek ordezko gisa izena eman dezake. Taldekideek banaka erregistratuko dira, eta, ondoren, taldeko kapitainak email bat bidali beharko du bulegoa@gamerauntsia.eus helbidera taldearen izenarekin, logotipoarekin eta erabiltzaile izenekin. Kapitaina nor den adierazi beharko du, gainera, mezuaren gaia “Wolfram Lol izen ematea” izendatuta.
  • Taldeak bost kide baino gutxiago baditu, Game Erauntsiak beteko du bosteko taldea bakarka izena eman duten erabiltzaileekin.
  • Talde gabe parte hartu nahi baduzu, izena eman eta email bat bidali bulegoa@gamerauntsia.eus helbidera zure erabiltzaile izenarekin, mezuaren gaian “Wolfram Lol talde gabe” jarrita. Bakarka izena ematen bada, antolatzaileek ezin dute bermatu parte hartzea posible izango denik, taldeei lehentasuna emango zaielako.

Izen ematea irailaren 27tik urriaren 7ra irekita egongo da. Liga urriaren 17an hasiko da, eta 30ean bukatu.

Kanporaketak eta fase finala

Liga online jokatuko da eta fase finala (finalerdiak eta finala) Bergaran lehiatuko da aurrez-aurre. Antolatzaileek ordenagailuak instalatuko dituzte Bergarako Zabalotegi aretoan; beraz, parte hartzaileek beren erabiltzaileak eta pasahitzak erabili beharko dituzte horietan. Ordenagailu hauek osoak izango dira, baina jokalariek periferikoak ekartzeko aukera dute (aurikularrak, mikrofonoa, arratoia, teklatua… ). Jokalariek ekarritako periferiko hauen instalazioa zuzenekoa ez bada, (plug and play) edota bateragarriak ez badira, antolatzaileen materiala erabiliko da.

Fase finala azaroaren 5ean izango da. Aretoa 10:30ean irekiko da eta finalerdiak 11:00etan hasiko dira. Finalerdien parte hartzaileak eta ordena email bidez helaraziko zaie taldeko kapitainei. Parte hartzaileak egokitutako orduan aurkezten ez badira, partida galdu dutela kontsideratuko da.

Finala 17:30ean jokatuko da eta Twitch bitartez zabalduko da Game Erauntsiaren kanalean. Finala baino lehen Bergara bloketan, Minecraft eraikuntza proiektuaren baitan eraikitako lanak erakutsiko dira.

Oharrak:

Txapelketan izena emateak arauak betetzea dakar. Arau hauek betetzen ez dituzten parte hartzaileak kaleratuak izango dira.

Txapelketan bost talde baino gutxiagok izena emanez gero, txapelketaren bideragarritasuna aztertuko da, bertan behera geratzeko aukera egonez. Antolatzaileek parte hartzaile kopuruaren arabera aldaketak egiteko aukera izango dteu. Antolatzaileek euskaraz emango dituzte azalpenak zein erantzunak.

Game Erauntsiaren Discord kanalean gela bat sortu da parte hartzaileek erabil dezaten.

Zalantzarik izanez gero, orrialde honetako iruzkinen atalean idatzi edo bulegoa@gamerauntsia.eus helbidera idatzi.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile esperientziarik onena izan dezazun. Nabigatzen jarraitzen baduzu, baimena ematen ari zara cookie horiek onartzeko eta gure cookie politika, sakatu esteka informazio gehiagorako.

ACEPTAR
Aviso de cookies
X