astelehena, 20 urria, 2025

Zer da ZTB?

ZTB Jardunaldiak 2025

‘Zientzia eta Teknologia Kuantikoa’ izango da Bergarako ZTB Jardunaldien aurtengo gaia

 

Zientzia eta teknologia kuantikoa ardatz, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza (ZTB) Jardunaldiak ospatuko dira datozen asteetan Bergaran. Urriaren 29tik azaroaren 19ra, erakusketak, hitzaldiak, ikastaroak edota mahai-inguruak eskainiko dira adin guztietarako.

 

Bergarako Udalak, elkarlanean aritu diren eragileekin batera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza (ZTB) Jardunaldien aurtengo egitaraua aurkeztu du Laboratorium Museoan. Bertan, Bergarak historian zehar zientziarekin eta honen dibulgazioarekin izan duen lotura gogorarazi dute aurkezpeneko parte-hartzaileek. Aldi berean zientzia eta teknologia kuantikoaren garrantzia ipini da balioan.

 

Urriaren 29an zabalduko den ‘Ikuspegi kuantikoak’ erakusketak eta Seminarixoan egingo den inaugurazioak emango diete hasiera aurtengo ZTB jardunaldiei. Erakusketak aztertzen du zer nolako kontraesan eta zalantzak sortzen diren gure pertzepzio zuzenetik kanpo gelditzen den mundu bateko azken esentziaren aurrean. Sei pantailako instalazio baten bidez, publikoak aukera izango du gogoeta eragiten duen eduki hezitzailean barneratzeko, kuantikaren funtsezko kontzeptuak ulertzen laguntzen duten edukiak izanik.

 

Irekiera ekitaldian, gainera, kuantikaren inguruko pertsona nabarmenak eta adituak bilduko dira:

  • Juan Ignacio Perez Iglesias, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua
  • Clara Montero, Tabakalerako Kultura zuzendaria
  • Ricardo Diez, DIPCko zuzendaria

Are gehiago, egitarau zabalaren barruan, azaroaren 3an, Aroztegi aretoan, Fernando Baptistak ‘Infografia zientifikoaren esploratzailea’ aurkeztuko du. Society for News Designek Fernando Baptista munduko diseinatzaile onena izendatu du aurten.

 

Nabarmendu behar da aurtengo ZTB jardunaldien helburua dela kuantikaren mundua publiko orokorrari eta bereziki gazteei gerturatzea eta haiengan piztea.

Izan ere, ZTB jardunaldien helburua da herritar guztiei modu ulerterrazean eta erakargarrian partekatzeko espazioak eskaintzea.

Jardunaldi hauek komunitate zientifikoaren, enpresa-sektorearen eta hezkuntza-erakundeen elkarlanaren fruitua dira eta, besteak beste, arlo ezberdinetako profesionalak izango dira protagonistak:

 

2025eko egitaraua

Urriaren 29tik azaroaren 19ra bitarte, ZTB jardunaldiek egitarau zabala izango dute. 2025erako prestatu den programan, adin guztietako publikoari zuzendutako erakusketak, hitzaldiak, ikastaroak edo mahai‑inguruak daude.

 

ZTB jardunaldiak

Bergarak historian zehar, eta bereziki XVIII. mendean, Errege Seminarioaren bitartez, zientziarekin eta haren dibulgazioarekin lotura handia izan du. Garai hartan Europako berrikuntzak Bergarara ekarri, aztertu eta herritarren artean zabaltzen zituen, Ilustrazioaren ildoei jarraituta.

 

XIX. mendean ere, Errege Seminarioa lehen mailako hezkuntza eta ikerketa zentroa izan zen Euskal Herrian, eta oso garrantzitsua estatu espainiarrean. Izan ere, XIX. mendean Errege Seminarioan Eskola Industriala jarri zen ingeniariak formatzeko. Ingeniarien eskola hau bakarra zen Euskal Herrian. Estatu espainiarrean soilik lau zeuden 1850. urtean.

 

Ordutik ez da hari hori eten, eta zientzia, teknologia eta berrikuntzaren dibulgazioan lanean jarraitu du Bergarak. Esaterako, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza, ZTB Jardunaldien bitartez. Zientzia, teknologia eta berrikuntza esparru guztietan gizarteratzea eta sustatzea da helburua. Ezezaguna askotan, baina hiru gai horiek eragin zuzena dute gure bizitzetan, eta horregatik, beharrezkoa da jende guztiari zientzia gerturatzea, nolabait zientzian barneratzea.

 

Jardunaldiok “IKT astean” dute jatorria. Ondoren, 2015ean Laboratorium Museoa zabaltzearekin  batera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Jardunaldiak antolatzen hasi zen Bergarako Udala Laboratorium-ekin elkarlanean.

 

“IKT astearen” hasierako helburua eskualdeko enpresen artean berrikuntza teknologikoari buruzko ezagutza zabaltzea zen. Hortik abiatuta, eskaintza programa handituz joan da, bai eta parte-hartzaileak eta espezializazioak biderkatzen ere. Egun, ZTB jardunaldietan askotariko diziplinak lantzen dira, formatu anitzetan, publiko desberdinari bideratuta eta erakunde zein eragile desberdinen eskutik.

 

 

 

antolatzaileak-2020- ztb-2021

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile esperientziarik onena izan dezazun. Nabigatzen jarraitzen baduzu, baimena ematen ari zara cookie horiek onartzeko eta gure cookie politika, sakatu esteka informazio gehiagorako.

ACEPTAR
Aviso de cookies
X