Bergarak zientziarekin eta dibulgazioarekin aspaldidanik izan du lotura. Bergarako Errege Mintegia edo Real Seminarioa XVIII. mendean Espainian zeuden lau unibertsitateetatik bat zen. Garaian Europako berrikuntzak Bergarara eraman, aztertu eta herritarren artean zabaltzen zituen, Ilustrazioaren ildoei jarraituta.
Ordutik ez da hari hori eten, eta harro esaten dugu berrikuntzan eta dibulgazioan lanean irmo jarraitzen dugula. Hala, orain 8 urte IKTren astea antolatzeari ekin genion eta 2015ean Laboratorium Museoa irekitzearekin bat adar bat gehiago batuz, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldiak antolatzen hasi ginen.
Honen hasierako helburua zen gure eskualdeko enpresen artean berrikuntza teknologikoari buruzko ezagutza zabaltzea. Hortik abiatuta, programak handitzen joan dira, parte-hartzaileak ere bai eta espezializazioak biderkatzen. Programa oso aberatsa daukagu, gai oso zabalekin, eta diziplina askotarikoak lantzen ditugu. Urtez urte herritarren erantzuna are eta handiagoa da, bai antolakuntzan eta baita parte-hartzeari dagokionez; eta gero eta erakunde eta eragile gehiago igo dira itsasontzi honetara.
Berrikuntza ardatz hartuta, formazioa eta dibulgazioa oso-oso esparru anitzetan lantzen ditugu: hitzaldiak, erakusketak, azoka, ikasleentzako jarduerak, tailerrak, Wolfram Encounterra…
Apaltasunez baina harrotasunez diogu emaitzak ikusgarriak direla, eta horren ahaleginean zinez eskertzekoa da lorpen horretan bidelagun ditugun hainbat eta hainbat eragile, erakunde publiko, hezkuntza, ikerkuntza eta bestelako alorretakoak. Eskerrak zuei!
Aurten Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldiak urriaren 15etik azaroak 11ra bitartean egingo dira. Aurten erabaki da datak aurreratzea ikastetxeetako agendei erreparatuta ikasleei parte-hartzea errazteko, eta erantzuna ezin-hobea izango da.
Bergarako azpiegitura guztiak erabiliko dira. Aurten ere ekintzak Seminarixoan, Laboratorium museoan, Irizar jauregian, Aroztegi aretoan, Miguel Altuna Institutuan, Aranzadi Ikastolako gimnasioan eta herriko beste hainbat kokagunetan izango dira.
Aurtengo ildo nagusiak asteka banatuko dira:
- 1. astean Inaugurazioa eta Lehiaketa.
- 2. astean Hitzaldiak, Aurkezpenak eta Hezkuntza Eskaintza.
- 3. astean Hezkuntza Eskaintza, Eskolekin tailerrak, Erakusketa…
- 4. astean Formazio ikastaroak, Hitzaldiak, Zientzia eta Umorea, Energia, Bideo-jokoak…
Ekimenak duen saretze gaitasuna nabarmena da. Karteleko eta eskuorriko logoak ikustea besterik ez dago antzemateko aurten ere zer nolako elkarte, erakunde eta taldeen
Aurten ere ztbergara.eus webgunean kontsultatu ahal izango duzue jardunaldiek emango dutena zabal eta argi.