asteartea, 3 azaroa, 2026
Wolfram Txinpartak: zientzia eta algarak, wolframa isolatu zen lekuan bertan

Sei bakarrizketalari zientifikok umorea eta dibulgazioa uztartuko dituzte azaroaren 5ean, Bergarako Seminarixoan, ZTB Jardunaldien barruan egingo den saioan. Sarrera doakoa izango da, aforoa bete arte.

Zientzia eta umorea elkartuko dira azaroaren 5ean, ostegunean, Bergarako Seminarixoan. 18:30ean hasita, Wolfram Txinpartak saioak sei bakarrizketa zientifiko eskainiko ditu, umorea eta dibulgazioa uztartuz.

Bergarako Udalak, Laboratorium Museoak eta Elhuyarren elkarlanean antolatutako ekimena da Wolfram Txinpartak. Ekitaldia ZTB, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Jardunaldien 11. edizioaren barruan egingo da.

Ekimenak badu aurrekaririk. Wolfram Deuna izenarekin, ZTB Jardunaldietako egitarauko klasiko bihurtu zen umorezko bakarrizketa zientifikoen saioa, eta bost edizio egin ziren, azkena 2019an. Pandemiak etenaldia eragin zuen, eta orain, izen berriarekin eta berrituta itzuliko da.

Wolfram Txinpartak saioak zientzia eta umorea uztartzen ditu, herritarrei zientzia eta teknologia modu hurbil eta dibertigarrian gerturatzeko. Bakarrizketen bidez, zientziarekiko jakin-mina piztu, gai horiekiko beldurrak gainditzen lagundu eta bokazio zientifikoak sustatu nahi ditu. Horrez gain, aurrez aurreko topagunea izanik, berdintasuna, dibertsitatea, euskararen erabilera eta elkarlana ere sustatzen ditu, zientzia guztion eskura dagoela aldarrikatuz.

Ana Galarragak gidatuko du saioa, eta askotariko arlo zientifikotako sei bakarrizketalari igoko dira agertokira:

  • Uxue Lazkano (Bergara), bioinformatikan espezializatutako biokimikaria. Biologia molekularra eta datuen analisia uztartzen ditu minbiziaren metastasia ikertzeko.
  • Ugutz Basauri (Bergara), geologoa, historiaz, arkeologiaz eta bitxikeriez ere zaletua. Dibulgazioa du jardunaren ardatz.
  • Miren Aldasoro, zoologoa eta biodibertsitatean doktorea EHUn. Saguzarren dietari buruzko tesia egin zuen, eta gaur egun Bigarren Hezkuntzako irakaslea da.
  • Maider Triviño «Mimi», neurozientzialaria eta artista. Biokimikaria eta adimen artifizialeko garatzailea ere bada, eta irakasle eta dibulgatzaile gisa dihardu.
  • Unai Garcia Lopez, EHUn adimen artifizialean graduatua. Adimen artifiziala, 3D teknologia eta sorkuntza digitala uztartzen ditu, baita musikarako tresnak garatu ere.
  • Tinder Match edo Koxk, Elhuyarren On Zientzia lehiaketan euskarazko bideorik onenaren saria jaso zuen lanaren egileak. Animalien amodio-jokoak dituzte dibulgazio-gai.

Wolfram Txinpartak saioa ZTB Jardunaldien programazioaren barruan kokatzen da, zientzia eta kultura zientifikoa modu hurbil eta dibertigarrian zabaltzeko helburuarekin.

Wolfram Deuna saioaren 2019ko edizioa, Seminarixoan. Aurten, Wolfram Txinpartak izenarekin itzuliko da. Argazkia: Goiena.

DATU PRAKTIKOAK

  • Eguna: azaroak 5, osteguna

  • Ordua: 18:30

  • Lekua: Seminarixoa, Bergara

  • Sarrera: doakoa, aforoa bete arte

  • Antolatzaileak: Bergarako Udala eta Laboratorium Museoa

0 Comments

Leave a Comment

azaroa, 2026

03aza(aza 3)12:18 pm15(aza 15)12:18 pmBergaratik mundura: Herria sortzen duten Enpresak

05aza11:19 am11:19 am«Wolfram Txinpartak» umorezko zientzia bakarrizketak

05aza12:13 pm12:13 pmAdimen Artifizialeko (AA) laguntzaileak, enpresa-produktibitatera begira

10aza(aza 10)10:55 am13(aza 13)10:55 am(HI)! Ikerlari: gazte ikerlarien poster zientifikoen erakusketa

10aza11:24 am11:24 amMinbizia ulertzen: hospitaletik laborategirra

10aza1:21 pm1:21 pmImmunitate entrenatua

10aza1:25 pm1:25 pmAdimen Artifiziala Sortzailea Industrian

10aza1:28 pm1:28 pmJakin-minetik berrikuntzara: polimeroen mundua ezagutzen

10aza1:30 pm1:30 pmZertarako teknologia kuantikoak eta noizko.

12aza11:22 am11:22 amKonputazio kuantiko banatua

12aza11:27 am11:27 amMaterial Berrien arrakasta muturreko klima baldintzetan

12aza12:10 pm12:10 pmAdimen Artifiziala (AA), merkataritzan eta ostalaritzan kide-lagun

12aza1:23 pm1:23 pmOsasun ikerketa eta berrikuntza: Mikrobioen aurkako erresistentzia adibide gisa

12aza1:27 pm1:27 pmMinbiziaren immunologia eta immunoterapia

13aza12:08 pm12:08 pmErreka Medical-eko esperientzia

13aza12:28 pm12:28 pm3D eskaneatze eta modelatzea. Areolalab proiektua

abendua

No Events

Social

X