Adimen artifiziala biomedikuntzan: nondik gatoz eta norantz goaz?
Adimen artifiziala (AA) biomedikuntzaren arloa azkar eraldatzen ari da, eta aplikazio berritzaileak eskaintzen ari da ingurune klinikoetan eta ikerketetan. Ospitaleetan AAk bultzatutako iragarpen-algoritmoak erabiltzen ari dira pazienteen arreta hobetzeko, gaixotasunen garapena iragarriz, tratamendu-planak optimizatuz eta diagnostikoak hobetuz. Ikerketaren alorrean, aldiz, AlphaFold bezalako tresnak –proteinen egiturak zehazki iragartzen dituztenak– farmako berrien aurkikuntza eta ikerketa biologikoa iraultzen ari dira. Etorkizunari begira, AAk aurrerapen gehiago agintzen ditu; esaterako, medikuntza pertsonalizatua, analisi genomikoak denbora errealean, eta sistema biologiko konplexuen predikziorako eredu sofistikatuagoak. Berrikuntza horiek osasun arreta birmoldatzea dute helburu, zehatzagoa, eraginkorragoa eta eskuragarriagoa bihurtuz.
HIZLARIAK:
Uxue Lazkano:
Uxue Lazkano Biokimika eta Biologia Molekularrean graduatu zen 2017an. Horren ondoren Bartzelonara joan zen Bioinformatikako masterra ikastera Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Masterra amaitzean hiru urtez aritu zen bioinformatikari gisa Hospital del Mar-eko Ikerketa Institutuan, Neurologiako ikerketa taldean. Denbora hori igaro ondoren, Kataluniako Generalitatearentzat lan egin zuen Datu Klinikoen Kudeatzaile gisa beste bi urtez, Euskal Herrira itzuli aurretik. Itzultzean, urtebetez lan egin zuen Biogipuzkoan, Lehen Mailako Arretako ikerketa taldean, zahartzaroari lotutako prozesuak aztertzen zituzten proiektuetan. Azkenik, duela urtebete CICbiogunen, Arkaitz Carracedoren taldean sartu zen tesia egiteko prostatako minbiziaren metastasiaren gidari epigenomikoen analisiari buruz.
HITZALDI-SORTA: Bergarako Gazte Ikerlariak
Adimen artifiziala: Oinarrietatik sorkuntza eta industriara
Beñat Arrieta, Jon Irureta, Uxue Lazkano eta Jokin Labaienek emango duten hitzaldian, adimen artifizialaren oinarriak eta teknologia honek industrian duen aplikagarritasuna azalduko dira. Horretaz gain, gaur egun pil-pilean dauden adimen artifizialaren bi arlo berritzaile azalduko dira: adimen artifizial sortzailea eta federated learning-a. Adimen artifizial sortzailea da eduki berria sortzeko aukera ematen duen teknologia berri bat; besteak beste, irudiak, testua eta bideoak sortzeko balio duena. Bestalde, federated learning-a datuen pribatutasuna arriskuan jarri gabe, hainbat gailutan modeloak entrenatzea errazten duen teknologia da.
HIZLARIAK:
Jokin Labaien
Jokin Labaien Ikerlan zentro teknologikoko adimen artifizialeko taldeko ikerlaria da gaur egun. Ikasketei dagokienez, 2014 eta 2018 urte bitartean Matematikako gradua ikasi zuen. Matematikako gradu amaierako lana Tecnalian egin zuen eta bertan hasi zen adimen artifizialarekin lanean. Ondoren, KISA deituriko adimen artifizialeko masterra egin zuen Donostian. Master amaierako lana Ikerlanen egin ondoren, doktoretza hasi zuen 2019ko urte bukaeran, eta 2023ko azaroan defendatu zuen tesia. Tesian denbora serieetako datuekin egin zuen lan, bereziki datu mota hauekin lan egiten duten anomalia detekziorako ereduen ulergarritasuna hobetzeko algoritmoak ikertzen, industrian erabiltzen diren makinetan anomaliak detektatu eta diagnostikatzeko helburuarekin.
Beñat Arrieta:
Beñat Arrieta, adimen artifizial multimodalean doktoregaia. Fisikan graduatua, ingeniaritza konputazionalean eta sistema adimendunetan masterra egin zuen eta Quantum SVMn espezializatu zen denborazko serieak sailkatzeko. Gaur egun, sailkapen-eredu multimodalak aztertzen ari da, irudi eta denbora serieak uztartu ditzaketen ereduetan batik bat.
Jon Irureta:
Jon Irureta, 2024ko irailaren hasieratik, Ikerlan zentro teknologikoko doktoregaia da. Bere tesia Federated Learning delakoan dago zentratuta eta helburua, datuen pribatutasuna mantenduz, erakundeen zein gailu desberdinen artean modelo amankomunak entrenatzeko algoritmo berriak garatzea da. Aurreko ikasketei dagokienez, 2019tik 2023ra, Mondragon Unibertsitateko Industri Elektronikako Ingeniaritza ikasi zuen, azken urtea Aalborgen, Danimarkan, eginez. Atzerritik itzultzean sartu zen Ikerlanen, gradu amaierako lana egitera. Ondoren, KISA masterra egin zuen EHUko Informatika fakultatean, adimen artifizialean eta optimizazioan zentratuz. Master ikasketak egiten zituen bitartean, Ikerlaneko adimen artifizialeko taldean praktikak zein master amaierako lana egin zituen, bertan egindako lana gaur egun garatzen ari den tesiaren aurrekaria izanik.