larunbata, 27 apirila, 2024
Bergarako ikerlari gazteek beraien erronkak aurkeztu dituzte ZTB-n

Asteazken honetan Bergarako bost ikerlari gaztek beren erronkak zein proiektuak aurkeztu dituzte Seminarixoan, Bergarako Udalak antolatutako ZTB jardunaldien baitan. Amaia Iturrospe Ibarra, Jokin Labaien Soto, Gorka Kortabarria Perez, Maider San Torkuato Labaien, eta Itxaso Calbanok beraien orain arteko ibilbidea azaldu eta ikerketaren munduak ireki dizkien aukeren aurrean aritu dira.

 

Besteak beste, bergarar ikerlari gazteek Adimen Artifizialaren, Neurozientziaren, Polimeroen edota Biomedikuntzaren inguruan aritu dira Goienagusiko zein Batxilergoko ikasleen aurrean.

 

Amaia Iturrospe Kimika doktorea da eta CFM-ko (Centro de Física de Materiales) X-izpien laborategietako teknikaria da. Bere hitzartzean polimeroen inguruko azalpena eskaini zien Seminarixora hurbildutakoei, eta gaur egun egitura berezietako polimeroak aztertzen ari direla gaineratu zuen.

 

Bestalde, Gorka Kortabarria Neurozientziak doktoretzako 2. urteko ikerlaria da, eta neurona mota ezberdinen arteko ezaugarriak jarri zituen mahai gainean. Gaur egun prestatzen ari den tesian Epilepsiaren inguruan aztertzen ari da, eta hipokanpoan sortzen den epilepsia aztertzeko prozesua azaldu zuen.

 

Beste aldetik, eta Adimen Artifizialean doktore izan eta gero, Jokin Labaien bergararra Ikerlan-en dabil lanean gaur egun, adimen artifizialaren bitartez makina ezberdinetan kokaturiko sentsoreen datuak erabiliz. Prozesu honen bitartez, makinetan gerta daitezkeen ezbeharrak edo anomaliak aurreikusi edo antzeman ditzake.

 

Bukatzeko, Maider Santorcuato eta Itxaso Calbano gazteak Ingeniaritza Biomedikoan graduatuak dira. 2021a geroztik, Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko berrikuntza unitatean ari dira biak, eta beren hitzartzean osasungintzarako garapen berriak bideratzeko ereduetaz hitz egin zuten.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile esperientziarik onena izan dezazun. Nabigatzen jarraitzen baduzu, baimena ematen ari zara cookie horiek onartzeko eta gure cookie politika, sakatu esteka informazio gehiagorako.

ACEPTAR
Aviso de cookies
X