larunbata, 27 apirila, 2024
Bailarako ikertzaile gazteak etorkizuneko mundua moldatzen
  • DATA: Azaroak 19
  • ORDUA: 18:00
  • TOKIA: Seminarixoa (Bergara)
  • HIZLARIA: Itsaso Arrayago eta beste bost ikerlari gehiago
  • HIZKUNTZA: Euskaraz

 

HIZLARIAK

Itsaso Arrayago

Itsaso Arrayago Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan (UPC) ikertzaile- eta irakasle-lanetan dabilen bergararra da. Formakuntzaz Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniaria da. UPCn egin zuen doktorego-tesia eta, ordutik, altzairuzko egituren diseinuan eta kalkuluan egiten du lan. Bere ikerketa-lanak egitura eraginkor eta seguruak diseinatzeko arauak garatzera zuzendu ditu, hainbat enpresa eta nazioarteko ikertzaile-talderekin elkarlanean. Europako eta Espainiako normalizazio-talde batzuetako kidea ere bada.

Bere hitzaldian altzairuzko egituren diseinuaren oinarriak azalduko dizkigu, baita Sydneyko Unibertsitatearekin lankidetzan Europako Batzordeak finantzatutako NewGeneSS proiektuan gauzatutako aurrerapenak ere. Proiektu horretan garatutako egiturak diseinatzeko metodo berrien inguruan hitz egingo digu, non ordenagailuzko simulazio-teknikak erabiltzen diren egituren erresistentzia zuzenean kalkulatzeko, segurtasun-irizpide zehatzak erabiliz. Bestalde, egiturazko material berri bat ere aurkeztuko digu: altzairu herdoilgaitza, gure hirien garapen iraunkorrean lagunduko digun material paregabea.

 

Teresa Gallastegi

Biokimikan, Biologia Molekularrean eta Biomedikuntzan doktorea naiz.

Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU/UPV) Biologiako gradua ikasi nuen eta, ondoren, Bartzelonara abiatu nintzen, nire karrera profesionala ikerketa biomedikoaren alorrera bideratzeko asmoz.

Ikertzaile gisa egin dudan ibilbidean zehar, diziplina anitzeko proiektuetan egin dut lan, ospitaleekin kontaktuan dauden hainbat ikerketa-zentrotako laborategietan. Proiektu horien helburua pronostiko edo/eta diagnostikorako biomarkatzaileak edo/eta diana terapeutikoak bilatzea izan da, besteak beste, minbiziari edo gaixotasun kardiobaskularrei aurre egiteko. Doktorego-tesia Bartzelonako Sant Pau ikerketa-zentroan burutu nuen, Biologia baskularreko laborategian, abdomeneko aortaren aneurisma deritzon gaixotasuna aztertzen.

Egun, bektore biralak produzitzen dituen enpresa batean ari naiz lanean.

 

Ander Elkoro

Beti izan dut eraikuntza gustuko, eta, zaletasun horri jarraituz, 2006. urtean Santanderrera joan nintzen. Bertan, Herri-lanetako Ingeniaritza Teknikoa ikasi nuen, Kantabriako Unibertsitatean. Egituren kalkuluari buruz gehiago ikasteko gogoz, Bartzelonara joan nintzen 2011. urtean. Egitura eta Eraikuntza Ingeniaritzako masterra ikasi nuen Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan. Masterra amaitutakoan, nanoteknologiak hormigoiaren propietateetan izan zezakeen eragina aztertzen hasi nintzen.

  1. urtean, Circa SA enpresan hasi nintzen lanean, ikertzaile eta garapen-teknikari gisa. Aurrefabrikatutako hormigoizko elementuak egiten genituen bertan. Helburu nagusia produktuen propietateak hobetzea zen; baina, horrez gain, nanoteknologiak ahalbidetutako hobekuntzak ere aztertzen nituen. Horietako bat hauxe zen: titanio dioxidozko nanopartikulen gaitasuna materialen autogarbiketa eta airearen arazketa eragiteko. Ikerketa-alor horrek izan zezakeen erabilera ikusita, 2015. urtean doktoregoari ekin nion, enpresa eta unibertsitatea uztartuz, eta nanoteknologian oinarritutako teknologia berriak lantzen hasi nintzen, ikergai hau oinarri harturik: eraikinen fatxaden bidez airea araztea. Ikerketa horretan, titanio dioxidozko nanopartikulaz osatuta dagoen eta 3Dan inprimagarria den materiala garatu nuen, hirietako aire kutsatua arazteko ez ezik, moldaketa batzuekin hidrogenoa sortzeko ere erabil daitekeena.
  2. urtean Nafarroako Unibertsitate publikoan lanean ibili ondoren, 2019an Arrasatera itzuli nintzen, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikora, beti ere eraikuntza eta nanoteknologia uztartuz.

HITZALDIA: Nanoteknologia eraikuntzako materialetan eta horiek airea arazteko duten gaitasuna.

Bailarako ikertzaile gazteak etorkizuneko mundua moldatzen.

Zientzia eta teknologiaren arlo desberdinetan bailarako ikertzaile gazteen kontribuzioak ezagutzeko aukera paregabea. Egiturak kalkulatzeko metodo berrien garapenean hasita, biologia baskularretik pasatuz eta nanomaterialetaraino, ikertzaile gazte hauek etorkizuneko mundua moldatuko duten aurrerapenen gainean arituko dira hitzaldi labur saio hauetan. Guztiontzat ulergarria den modu batean hitz egingo digute beraien kontribuzioez, baita gizartean izango duten eraginaz ere. Edizio honetan, gainera, emakume ikertzaile gazteen lana nabarmenduko da bereziki, bai eta euskara zientziaren dibulgaziorako hizkuntza bezala sustatzea ere.

HIZLARIAK

Jaione Iriondo

Ingeniaritzan doktorea da eta, 2015az geroztik, Mondragon Unibertsitatean dihardu lanean. Material konposatuen portaera dinamikoaren inguruan garatu zuen doktorego-tesia, helburu honekin: polimeroen portaera ez-linealean eta, beraz, biskoelastikoan sakontzea.

Gaur egun, materialen karakterizazio dinamikoa eta makina desberdinen portaera dinamikoa ditu ikergai. Horretarako, entsegu esperimentalak ez ezik, simulazio numerikoak ere egiten ditu, betiere ikuspegi dinamikotik.

Horretaz gain, irakaslea da Industria Ingeniaritzako masterrean, non Egitura Metalikoak eta Makinen diseinua, kalkulua eta egiaztapena irakasten dituen.

Azken urteotan, ZTIMak (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) sustatu eta ezagutarazteko proiektuetan buru-belarri dabil orientazio-taldean, ikastetxe zein enpresen parte-hartzea bultzatzeko eta zientzia plazaratzeko.

 

Maider Baskaran

18 urte nituela, Mondragon Unibertsitatean Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza Gradua egitea erabaki nuen. Gradu-amaierako proiektuan, eraikuntzarako panelen diseinu eta fabrikazioan ibili nintzen lanean, banbua abiapuntu harturik.

Horixe izan zen konpositeekin eduki nuen lehen kontaktua. Gradua amaitu ostean, nire profil teknikoan gehiago sakontzeko asmoz, Industria Ingeniaritzako Masterra egin nuen, konpositeak ikertzen jarraitzen nuen bitartean. Konpositeen munduan hiru urte neramatzala eta materialek duten erakargarritasunari loturik, doktorego-tesia egiteko grina sortu zitzaidan. Tesiaren ibilbidean, beste hiru urte pasa nituen material konposatuen ekoizte-prozesuak duen kostu garestia murrizteko helburuarekin, 2017. urtean tesia aurkeztu nuen arte. Handik aurrera eta orain arte, Mondragon Unibertsitatean ari naiz konpositeetan ikerlari eta Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza Graduan irakasle.

Hitzaldia: CO2 isurtzeen murrizketa, garraio-industriak aurre egin beharreko erantzukizuna. Material konposatuek abantaila batzuk dituzte arazo horri aurre egiteko, haiei esker ibilgailuen pisua % 70 murriztu daitekeelako eta inpaktu batean metalak baino 5 aldiz energia gehiago xurgatzen dutelako. Hala ere, konpositeek gaur egun duten kostu handia oztopo da merkatuan txertatzeko. Arazo horren jatorrietako bat lehengaien eta ekoizpen-prozesuen kostu handiak dira.

Hitzaldiaren oinarria, beraz, material konposatuak ekoizteko prozesuen kostua murriztea izango da.

 

Ainara Leizeaga

Non biltzen da karbono gehiago, zure ustez, atmosferan ala lurzoruan? Datuek diotenez, lurzoruan atmosferan baino hiru aldiz karbono gehiago biltzen da. Eta ez hori bakarrik: lurzoruak gizakiok baino sei aldiz karbono dioxido gehiago isurtzen du atmosferara. Lurreko mikroorganismoek erregulatzen dute karbonoaren pilaketa lurrean eta horren isurpena atmosferara. Mikroorganismo horiek landareetatik datozen hostoak eta egurra deskonposatzen dituzte, hau da, materia organikoa, eta horretatik datorren karbonoa prozesatzen dute. Karbono hori lurzoruan gorde dezakete, baita atmosferara isuri ere, karbono dioxido bihurturik. Lurzoruaren tenperaturak eta hezetasunak eragin handia dute prozesu horietan. Hala, klima-aldaketak areagotzen dituen lehorte eta euriteek zein tenperatura-igoerek eragin handia dute bai lurrean gordetzen den karbonoan, bai atmosferara isurtzen den karbono dioxidoan.

Azkenengo 5 urteetan, hain zuzen, horri buruz ikertzen aritu naiz Suedian, eta ikerketa hori nire doktorego-tesiaren parte izan da. Zehazki, lehorteek eta euriteek lurreko mikroorganismoetan duten eragina ikertu dut, munduko hainbat herrialdetako lurzoruen laginak erabiliz eta klima ezberdina duten inguruetan esperimentuak eginez. Lurreko mikroorganismoak ikertu aurretik, Biologiako gradua eta Mikrobiologiako masterra ikasi nituen Bartzelonan. Gaur egun, Manchesterren nago lurreko klima-aldaketak mikroorganismoetan duen eragina ikertzen.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile esperientziarik onena izan dezazun. Nabigatzen jarraitzen baduzu, baimena ematen ari zara cookie horiek onartzeko eta gure cookie politika, sakatu esteka informazio gehiagorako.

ACEPTAR
Aviso de cookies
X