larunbata, 27 apirila, 2024
1,2,3, probatzen, probatzen…
  • DATA: Azaroak 11
  • ORDUA: 19:00
  • TOKIA: Laboratorium
  • HIZLARIA: Eneritz Zubizarreta
  • HIZKUNTZA: Gaztelera/Euskara

HIZLARIA: Eneritz Zubizarreta

Txiki-txikitatik maite dut teknologiaren mundua. Ingeniaritza informatikoa ikasi ondoren, 2009an Java garatzaile-lanetan hasi nintzen. Programatzen bi urte eman ondoren, nire lana monotono samarra egiten zitzaidan, eta aukera izan nuen softwarearen testing-aren munduan sartzeko; eta gaur egun mundu hori nire pasioa da.

Arlo horretan espezializatutako enpresa batean hasi nintzen lanean, eta hasiera-hasieratik izugarri gustatu zitzaidan. Tester gisa nuen rola hau zen: software guztiek akatsik ez zutela ziurtatzea, azken erabiltzaileek akats bat aurkitu baino lehen; izan ere, horrek galera handiak ekar zitzakeen enpresentzat.

Enpresa horretan bertan, egungo nire bi bazkideak ezagutu nituen, eta, 2011n, haiekin batera ekintzaile izatea erabaki nuen, eta gure enpresa propioa sortu genuen, software-testing arloan espezializatuta. Hura izan da nire bizitzan hartu dudan erabakirik onenetako bat. 2016an Araba Ekinean saria jaso nuen, hazkunde handieneko start up-a zela aitortuz. Eta 2019an, halaber, Arabako emakume enpresaburuaren saria eta Arabako gazte berritzailearena.

Gaur egun, egoitzak ditugu Euskadin, Madrilen, Bartzelonan, Coruñan eta Berlinen; 60 pertsona gara; eta konpainiaren barruan nire rola zerbitzu-zuzendariarena da; hau da, lantaldeek proiektuak ondo ateratzeko behar den guztia dutela bermatzea, eskariaren arabera lantaldeak handitzea, kide berriak prestatzea eta gure bezeroekiko harremana lantzea. Horrek ez du esan nahi nire profil teknikoa alde batera utzi dudanik; horregatik, ikerketa-proiektuetan ere parte hartzen dut, besteak beste, gauzen interneti buruzko testing-ean (IoT) eta Blockchain-en.

Guztioi gertatu zaigu inoiz; telefonoz elkarrizketa bat hasi baino lehen eta galdetzen “entzuten didazu?”; edo jendaurrean hitzaldi bat hasi baino lehen eta “1, 2, 3, probatzen, probatzen…”. Gure artean dozenaka urte daramatzan teknologiaz fidatuko ez bagina bezala…

Hala ere, WhatsAppez bidali dugun azken mezua hartzailearengana iritsi delakoan gaude, horri buruzko zalantzarik ez dugu; azken finean bi tik ditu.

Gaur egun gutariko askok naturaltasun osoz hitz egiten diegu Apple, Amazon edo Microsofteko laguntzaile pertsonalei; jakin badakigu “Zelako eguraldia izango dugu gaur” galdetzerakoan, egunaren iragarpena jasoko dugula.

Egungo teknologiak, edozein sektoretan diharduela ere, elementu komun bat du: softwarea. Gauza bat argi eduki behar da: softwarea alde guztietan dago, eta gure bizitzak kontrolatzen ditu. Galdera honako hau da: Fida gaitezke kode honetaz guztiaz?

Tester garenok honetan dihardugu; softwareak espero duguna egingo duela ziurtatzen dugu. Nola egiten dugu? Hitzaldian ikusiko dugu  😉

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile esperientziarik onena izan dezazun. Nabigatzen jarraitzen baduzu, baimena ematen ari zara cookie horiek onartzeko eta gure cookie politika, sakatu esteka informazio gehiagorako.

ACEPTAR
Aviso de cookies
X