Larunbateko Wolfram Encouterraren ondotik, azaroaren 8an, asteartearekin, bideojokoetan euskaraz aritzeaz jardun dute Seminarixoan. Izan ere, larunbatean antolaketa lanetan aritu zen Game Erauntsiko Lander Unzueta izan da hizlari.
Unzuetaren iritziz, euskaraz bideojokoetan aritzea posible da eta euskarazko aisialdi buruzko gogoeta egin dute, euskaraz joka daitezkeen bideojokoak aurkeztuta. Horrela, euskaraz dauden hainbat bideojoko zuzenean erakutsiko dituzte. Mario Bros ere euskaraz prestatu dutela azaldu dute eta Minecraft ere bai. Indarrez gora doan alorra da euskarazko bideojokoen mundua eta azaldu dutenez, gaur egun 101 joko daude euskaraz (zerrenda osoa https://gamerauntsia.eus/jokoak/euskarazko-bideojokoak/), azken 28ak aurten gehitutakoak, gainera.
Bestetik, lan hau guztia egiten ari den Game Erauntsia komunitatearen berri eman dute. Game Erauntsia egitasmo bezala 2014. urtean sortu zen euskarazko bideo-jokoen kopuru eta hauei lotutako edukien eskaintza urriari aurre egiteko. Horregatik hasieratik oinarrizko helburua bideo-jokoak eta euskara uztartzea izan da. Egitasmoa elkarte ofizial bihurtu zen 2016.urtean eta helburua lortzeko bi bide nagusi finkatu ziren:
- Euskara eta bideo-jokoak lotzen dituzten ekintza orotarikoak bideratu: gamer gelak, txapelketak, argitalpenak, streamingak, hitzaldiak, tailerrak…
- Bideo-jokozale euskaldunak elkartzeko espazioak sortu.
Hainbat urtez elkarteak beste instituzio eta agenteekin elkarlanak burutu ditu bere helburuak lortzeko: Asmoz Fundazioa, Azkue Fundazioa, Durangoko Azoka, EDE Fundazioa, Euskaltzeen Topagunea, Mondragon Unibertsitatea, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren 2DEO Ikus-entzunezko laborategia… baita Bergarako udalarekin eta Laboratoriumarekin ere, aurtengo ZTB jardunaldietan parte hartuz.