larunbata, 5 urria, 2024
Mikado trenaren tripak ikusgai

Tailerra izan dute gaur San Martin ikastetxeko ikasleak Laboratoriumen. 20 ikaslez osatutako hiru talde izan dira eta bertan II Mundu Gerraren ostean Europako eta Amerikako trenbideetan jaun eta jabe izan zen Mikado trenaren maketaren gaineko azalpenak jaso dituzte ikasleek eta horrezaz hainbat asmakizun eta tramankulu martxan jarri dituzte.

Mikado trenari dagokionez, bideoak ikusgai izan dituzte nerabeek. Bideo batean trena nolakoa zen ikusi dute, eta bigarren bideoak makinek nola funtzionatzen zuen erakutsi du. Izan ere, esan bezala, Mikado trena ezagun egin zen XX. mendean zehar oso eraginkorra zelako zama handia eramaten. Ameriketako Estatu Batuetan eta Argentinan izan zen nagusi eta Europa Mendebaldeko herrialde ia gehienetan. Euskal Herrian ere, mugaz bi aldeetan, aritu zen lurrunezko tren hau aurrera eta atzera.

Felipe Uriarte eta Jose Mari Rubio bergararrek egindako tramankuluen maketak ere martxan ipini dituzte ikasleen harridura piztuz. Maketak honako hauek dira: Juanelo Turrianoren makina ura ibaitik hirira igotzeko, XVI. Mendekoa eta Toledon (Espainia) erabili zena. Ehungailua, Amerikan erabiltzen zuten errota bat, Euskal Herrian erabili izan zirenekin konparatuta oso ezberdina, eta, azkenik, bolak mugitzen dituen tramankulu bat.

Tailer hau hilaren 12an berriro egingo da eta izan duen arrakasta medio hirugarren saio bat antolatzea aztertzen ari da.

Datorren asteartean Donostia International Physics Center-eko zuzendariaren hitzaldia

Gaian aditua ez den orok zaila du azaltzea zer den fisika kuantikoa baina fisika kuantikorik gabe ezingo lirateke ulertu ordenagailuak, telefono mugikorrak, laserrak edo erresonantzia magnetiko nuklearra. Hitzaldi honetan azalduko da nolakoa den fisika kuantikoaren mundu ezohiko hori, zer nolako eragin harrigarria duen gure eguneroko bizitzan eta, hurrengo urteetara begira, fisikan oinarritutako zein aplikazio berri agertu daitezkeen, bereziki konputazio kuantikoari lotuta.

Eta horretarako punta-puntako hizlaria izango da Seminarixoan arratsaldeko 18:00etan: Donostia International Physics Center-eko zuzendari Ricardo Diaz, Materialen Fisika Zentroko ikertzailea (CSIC-UPV/EHU).

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile esperientziarik onena izan dezazun. Nabigatzen jarraitzen baduzu, baimena ematen ari zara cookie horiek onartzeko eta gure cookie politika, sakatu esteka informazio gehiagorako.

ACEPTAR
Aviso de cookies
X