Perseverance robotak Marten aurtengo irailaren 18an egin duen lurreratzea futbol partida bat balitz konta liteekeela posible dela uste al duzu? Ricardo Hueso fisikaria tartean badago, bai. Horixe egin du gaur ikasleez eta Goinagusiko kideez ia beteta egon den Seminarixoan. Lurreratzearen bideoa jarri du eta kontakizunaren bitartez erakutsi du “zientzia abentura” dibertigarria izan litekeela eta gai astuna baino gozatzeko modukoa ere izan daitekeela.
Ricardo Hueso misio espazial ezberdinetako –tartean, MARS2020 misiokoa– lantalde zientifikoko kide da. Irakaskuntzako eta ikerkuntzako lanez gain, zientzia-dibulgaziorako bokazio irmoa du.
Huesok azaldu duenez, MARS2020 misioaren helburua Marten noizbait bizitzarik egon ote den jakitea da. Horrela, arroken laginak biltzen ari da ondoren Lurrean aztertu eta balizko bizitza zantzurik izan ote den jakiteko. Probalitatea txikia izan arren, ebidentziaren bat jasoko balitz, unibertsoari buruz orain arte dugun ezagutza irauli egingo litzatekeela begi bistakoa.
Astrofisikariak Euskal Herrian alor honetan dagoen maila aztertu du eta bere iritziz, espazioaren inguruko bertako industria garatzen ari den teknologia mundu mailan punta-puntakoa da. Aipatu du industria mota honetan inbertitzeak ez duela esan nahi misio espazialetara mugatzen dela onura, garatzen den teknologia beste arlo askotara zabaltzen delako ostean, eta horrek gure ongizatean eragin zabala duela.
Gaur ekonomia zirkularraren inguruko mahai-ingurua
Ternua enpresatik Juan Antonio Iturbe eta Eduardo Uribesalgo izango dira eta EMAUsetik Begoña Cabaleiro. Hiruek iraunkortasunaren gaia jorratuko dute Seminarixoan arratsaldeko 18:00etan hasiko den mahai-inguruan.