larunbata, 27 apirila, 2024
Barreek berotu dute Wolfram Deuna umorezko ekitaldi zientifikoa

Ezkerretik eskuinera, Martiarena, Torregarai, Gonzalez, garcia, Arakistain, Lopez-Gazpio, Elu, Lezameta eta Monux. Arg: Elhuyar

Luxuz jantzita ospatu da Wolfram deunaren bosgarren ekitaldia. Bergarako Seminarixoan izan da, alegia, Elhuyar anaiek wolframa isolatu zuten leku berean.

Hala ere, bestelako gai batzuk aukeratu dituzte zortzi hizlariek, asko, fisiologiarekin lotutakoak: obulazioaren gorabeherez aritu zen Idoia Torregarai Martija umoregilea; digestioa eta haren emaitzaren gainean Koldo Garcia Etxebarria genetikaria; eta ipurdiaz Josu Lezameta Larrabeiti irakaslea.

Itxuraz serioagoak diren gaiekin ere algaraka jarri dute bildutako publikoa Josu Lopez Gazpio kimikariak eta Lorea Arakistain Aizpiri komunikatzaileak. Heriotzaren kimikaz eta teknologia berrienez (“noiz arte dira berriak teknologia berriak?”) hitz egin dute, hurrenez hurren.

Nobel sari dibertigarrienak ─Ig Nobelak─, eta artista begano baten abentura “tristeak” izan dituzte hizpide Nagore Elu Arantzamendi biokimikariak eta Oskar Gonzalez Mendia kimikariak. Bukatzeko, distira bereziz argitu du Seminarixoa Aranzadi ikastetxeko ikasle Jone Monux Garciak: astronauta jantzita, Pirritx, Porrotx eta Marimototx estratosferara bidaltzeko misioa azaldu du. Mirari Martiarena Iraola izan da aurkezlea, eta txalo-zaparrada beroarekin amaitu da ekitaldia.

Elhuyarrek zientzia gizartera hurbiltzeko asmoz antolatutako ekitaldia da Wolfram Deuna, Bergarako udalaren eta Laboratorium museoaren laguntzarekin, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren astearen barruan.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile esperientziarik onena izan dezazun. Nabigatzen jarraitzen baduzu, baimena ematen ari zara cookie horiek onartzeko eta gure cookie politika, sakatu esteka informazio gehiagorako.

ACEPTAR
Aviso de cookies
X